PRAKTIKATUN, DENA PREST MINTZAPRAKTIKARI EKITEKO

AEKren Praktikatu zerbitzuak abian du 2022-2023 ikasturterako kanpaina, Praktikatu euskara gurekin leloa lagun. Hala, urriaren aurreneko egunetan hasiko dira martxan, Euskal Herriko leku askotan, berbalagun, mintzakide eta mintzalagun taldeak, lagun giroan elkartu eta euskaraz aurrez aurre jarduteko. Online saioak, berriz, azaroan hasiko dira. Dagoeneko dohain eman daiteke izena talde mota guztietarako >izena eman

 

Praktikatu hazten ari den egitasmoa da: gaur egun, Euskal Herriko herri askotan antolatzen ditu mintzapraktika saioak, eta 300 ekintzatik gora burutzen dira urtean, tartean, mintzodromoak. Ikasturte honetan eskaintza hori handitu egingo da, lehendik egiten direnez gain, hiru proiektu berri jarriko direlako martxan: Zangozan (Nafarroa), Igorren (Bizkaia) eta Pasaian (Gipuzkoa). Hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak, berriz, jarraipena izango du Durangaldean (Bizkaia), Arriben (Nafarroa) eta Urola Kostan (Gipuzkoa); eta elkarri hika hitz egiteko talde berrien sorrera ere sustatuko da, besteak beste, Usurbilen eta Lea-Artibain. Familientzako Gurasolagun taldeetan ere segituko dute jolasak, txangoak eta tailerrak egiten, helduek eta haurrek euskaraz batera aritzeko aukera izan dezaten.

 

Aurtengo udazkenean, gainera, Euskaraldiaren hirugarren edizioaren atarian gauden honetan, Praktikaturen proiektuek esanahi berezia hartuko dute, mintzataldeak euskaraz bizitzeko aukera ematen duten arigune naturalak baitira, hau da, uneoro euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen duten guneak. Izan ere, ohiko taldeez gain, eta euskararen transmisioa sendotzeari begira, Praktikatu egitasmoak euskarazko harrema sare berriak sustatzen ditu ekintza osagarrien bidez, hala nola, asteburuko egonaldiak, barnetegi ibiltariak edota zaletasunen (natura, kirola eta kultura) araberako interes taldeak antolatuta. Ondorioz, bereziki azpimarratzekoa da horietan guztietan parte hartzen duten mintzalagunen, mintzakideen, berbalagunen eta bidelagunen ahalegina eta euskararen transmisioari egiten dioten ekarpena.

 

PARTE-HARTZAILEEN BALORAZIOA

Ikasturte-amaierarekin batera, AEKren PRAKTIKATU zerbitzuak inkesta anonimoa egin du mintzapraktika-egitasmoen parte-hartzaileen artean: berbalagun, mintzalagun, mintzakide... Emaitzen artean, honako puntu hauek nabarmendu nahi ditugu:

  • Euskararen erabilera: inkestan parte hartu duten bidelarien % 94,5ek adierazi du aldaketa bizi izan duela euskararen erabileran: % 44,9k dio askoz gehiagotan egiten duela euskaraz egitasmoan dabilenetik; beste % 49,6k esan du gehiagotan egiten duela. Soilik, %5,5ek berdin jarraitzen duela aitortu du.

  • Balorazio orokorra: parte-hartzaile gehienek (% 84,7k) OSO ONDO edo BIKAIN baloratzen dute egitasmoa. Halaber, oso ontzat jotzen dute egindako lana; eta, oro har, esker oneko hitzak besterik ez dugu jaso.


Parte-hartzaileen testigantzak ere jaso izan dira, horietako batzuk hemen daude.

UDAN ERE EUSKARAZ

 
Udan ere mintzataldeak osatuko ditugu, uztailean eta abuztuan; eta aukera dago hilabete batean edo bietan parte hartzeko.
Dohainik da, eta gainera eguzkitako betaurreko ederrak zozketatuko ditugu.
Horietakoren batean parte hartu nahi baduzu, zure herriko euskaltegian izena eman edo bete fitxa hau.

Eman izena ekainaren 24a baino lehen.

EUSKARAZ PRAKTIKATU NAHI?

Hainbat aukera ditugu zuretzat:

MINTZATALDEAK 
Kafea hartu, bueltatxoa eman... astean behin elkartzen gara, euskaraz praktikatu eta bizitzeko.

MENDILAGUN
Euskaraz praktikatu, kirola egin, naturaz gozatu... lagunekin euskaraz bizitzeko aukera paregabea.
 
FAMILIAEKINTZAK
Eskulanak, jolasak, txangoak... hainbat aukera familiontzat, euskaraz bizi eta gozatzeko.
 
IRAKURZALEKLUBA
Euskaraz irakurri, idazleak ezagutu eta geure kulturaz aberasteko lagun-taldea.
 
AISIAEUSKARAZ
Sukaldaritza, yoga, bisita gidatuak, museoak, hitzaldiak, dantza-tailerrak... lagun berriak egin eta euskaraz bizitzeko guneak sortzen ditugu.
 
MINTZODROMOAK
Herrian, lagun artean, eguneko gaiak, ideiak eta iritziak euskaraz partekatzeko gunea. 
 

PRAKTIKATU EUSKARAZ GUREKIN!

EMAN IZENA