Poltsikorako hitanoa liburuxka

Poltsikorako hitanoa liburuxka argitaratu dute Durangaldeko berbalagunek

Durangaldean hitanoz naturaltasunez egiten duten herritar gehienek 70 urte baino gehiago dituzte; gazteagoen artean, aldiz, eta salbuespenak salbuespen, ez dago hitanoz aritzeko ohitura handirik. Hori dela eta, Durangaldeko berbalagunek eskualdeko hitanoaren erabilera sustatzeko ekimen bi abiatu dituzte: Hiketalagun taldeak eta Poltsikorako hitanoa liburuxka.

Hiketalagun taldeak

2020ko abenduan, aste gutxian, 40 lagunek baino gehiagok eman zuten izena hitanoz berba egiten ikasteko eta praktikatzeko. Urtarrilean hastekoak ziren, baina osasun egoera zela kausa atzeratu egin behar izan zuten; uda ostean, berriro irekiko da izena emateko epea. Hitanoz jarduteko taldeak sortu aurretik, hilabeteko ikastaroa eskainiko da. Bai ikastaroa bai taldeetako parte-hartzea doakoak izango dira.

Poltsikorako hitanoa liburuxka

Era berean, Poltsikorako hitanoa liburuxka argitaratu dute, Hiketalagun taldeen osagarri. Bertan, Durangaldeko hitanoan berba egiteko beharrezko azalpen guztiak ageri dira: noiz eta nola erabili, aditz-taulak… Formatu digitalean ere eskura daiteke: https://labur.eus/2ENfR

Liburuxka osatzeko eta ikastaroa emateko, hitanoak izandako hiztun-galerarekin kezkatuta dauden iurretar batzuen laguntza jaso dute.

Aurkezpena, bertso-saioan

Hau guztia biribiltzeko, Berbalagun egitasmoak, Iurretako jai batzordearekin batera, bertso-saioa antolatu du ekainaren 20an Iurretako plazan. Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Eli Pagola eta Eneko Abasolo “Abarkas” hiketan ariko dira, eta gai-jartzailea Maite Berriozabal izango da. Saioa arratsaldeko 18:00etan hasiko da.

Beste herrietara zabaltzeko aukera

Zuen herrian/eskualdean Hiketalagun martxan jarri, edota horrelako liburuxka bat argitaratu nahi baduzue; jarri harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. eta abiatzeko aukera aztertuko dugu.

 

Udan ere, Euskaraz, Seguru

Dagoeneko zabalik dago udako mintzataldeetan apuntatzeko epea.

Ikasturtea amaitzearekin batera, talde batzuk desagertu egiten dira; beste batzuk, aldiz, partaide berriak hartu eta birsortu egiten dira. Horietakoren batean parte hartu nahi baduzu, zure herriko euskaltegian izena eman edo bete fitxa hau.
...eta guztia DOHAINIK  

Izena emateko azken eguna: ekainak 11

 

OHARRA: Mintzapraktika taldeetan, eta antolatzen ditugun ekintza guztietan, segurtasun neurriak bermatuta daude, eta era berean COVID19rako protokoloa aplikatzen dugu.

Pirinioetako mintzakide programa abiatu da

2021eko otsailaren 1ean abian jarri da Pirinioetako mintzakide egitasmoa. Datozen asteotan aurkezpen-bilerak egingo dira programaren xehetasunak emateko eta lehenengo mintzataldeak osatzeko. Ondokoak dira programaren sustatzaileak: Auritz, Artzibar, Erroibar, Luzaide, Orreaga eta Agoizko udalak; Aezkoako Batzarre Nagusia; eta Pirinioetako AEK euskaltegia. Dagoeneko, izena emateko aukera zabalik dago udaletxe guztietan, AEKren euskaltegian eta praktikatu.eus webgunean.
Informazio gehiago nahi izatekotan, bidali whatsappa telefono honetara: 607 642 078

Gurekin euskaraz seguru!

Gure mintzapraktika taldeetan segurtasun neurri guztiak betetzen ditugu, espazio seguruetan, talde txikietan... Online aukera ere baduzu.

 

Parte hartzea dohainik da, eta gainera, hainbat abantaila daude: sariak, deskontuak...

Gurekin euskaraz seguru! EMAN IZENA