eraman EUSKARA praktikara

eraman EUSKARA praktikara

ERAMAN EUSKARA PRAKTIKARA kanpaina abiatu du AEKren Praktikatu Zerbitzuak

Euskaldun oro euskaraz aritzera animatzea du helburu, eta horretarako, ohiko mintzataldeez gain, mota askotako taldeak eskaintzen ditu: gurasolagunak, mendilagunak, irakurzale-klubak, kakorratz-taldeak, eskaladakoak...

Hizkuntza guztiek behar dituzte hiztunak, bai etxean jaso dutenak bai ikasgelan ikasi dutenak: den-denak dira beharrezkoak. Halere, ezagutza soila hankamotz geldi daiteke, erabili ezean; bada, horixe da aurtengo kanpainaren gakoa. Laburbilduta, euskaradunak euskara praktikatzera animatu nahi ditugu. Euskalduntzen ari direnek euskaldun osoak izango dituzte bidelagun, nor bere mailatik abiatuta; akatsak egiteko beldurra alde batera utzi eta bakoitzak bere erritmoan egingo du aurrera, bidean konfiantza eta erraztasuna eskuratuz. Gainera, ezin ahaztu programek, tokian tokiko euskaldunen saretzeari esker, euskaldunon komunitatea indartzen laguntzen dutela.

Eskaintza zabala:

Hasteko, irailaren bukaeran-urriaren hastapenean hasiko dira berbalagun-, mintzakide- eta mintzalagun-taldeak elkartzen: kafea hartzeko, pasieran ibiltzeko, yoga egiteko, tokian tokiko euskalkian aritzeko, txakurrarekin ibiltzeko, mundua konpontzeko, mendira joateko, musean jokatzeko, kakorratza egiteko, hitanoz jarduteko... Hamaika aukera daude! Horiez gain, Gurasolagun taldeak ere martxan jarriko dira, familian eta familien artean euskaraz aritzeko jolastu, eskulanak egin, askaldu... bitartean. Horientzat, berariazko asteburu-pasak antolatzen ditugu Tertangan, Bizkaiko Urtxintxa Eskolaren eskutik. Ondoren, azaroan, online taldeak hasiko dira elkartzen. Azkenik, ekainaren bukaeratik irailera, udako taldeen txanda izango da. Beraz, ez da zaila izango nork bere neurriko taldea topatzea 😉

Horretaz guztiaz gain, programetako dinamizatzaileek hainbat ekintza ireki antolatzen dituzte aisialdian euskaraz gozatzeko: mintzodromoak, eskulanak, lehiaketak, sukaldaritza-tailerrak, museoetan bisita gidatuak, hitzaldiak... Horien erakusgarri, Bilboko Darabilbo programa, Hernanialdeko Zilegi Eskola, Lautadako Solasaldi Musikatuak...

Eremu geografikoari dagokionez, euskararen herriko 105 udalerritan ari gara. Urtetik urtera, gero eta leku gehiagotan abiatzen ditugu programak, eta aurtengo nobedadea da Baztanen eta Azkainen ere bagabiltzala.

Izena emateko

Hau irakurrita, animatu zara? Normala! 🤭🤗

Jakizu bi baldintza hauek bete behar dituzula: batetik, gutxienez 16 urte izan behar dituzu; bestetik, euskara-ikaslea bazara, B1 mailan edo hortik gora aritu behar duzu. Horiek betez gero, sartu zure datuak emanizena.praktikatu.eus loturan eta zure herriko/eskualdeko dinamizatzailea zurekin harremanetan jarriko da. Eta, lasai, egitasmoa doakoa da!