22
mar.

FAMILIENTZAKO ASTEBURUAK

AEKren Praktikatu zerbitzuak gurasolagunentzako bi egonaldi antolatu ditu Urtxintxa Eskolarekin elkarlanean, Urduñako Tertanga aterpetxean; maiatzaren 13an eta 14an zein ekainaren 10ean eta 11n.
Euskara praktikatu nahi duten gurasoak, seme-alabekin batera, euskaraz arituz hizkuntza ohiturak aldatzen hastea da ekimenaren helburua. Horretarako, hainbat tailer eta jolas egingo ditugu.
Asteburu pasa hauetan 3 urtetik 12ra bitarteko umeek har dezakete parte. Prezioari dagokionez, 25 euro dira helduentzat eta 15 umeentzat.
Erreserbak herrietako dinamizatzaileen bidez egingo dira.
Azkar ibili, plaza kopurua mugatua da-eta!

20
mar.

KIROLA ETA NATURA 2023

Martxan dugu berriro KIROLA eta NATURA programa. 2023ko udaberrian beste hiru txango antolatu ditugu ekimenari jarraipena emateko.

2023KO TXANGOAK

  • MAIATZAK 07 – TXARLAZO (Urduña)
  • MAIATZAK 21 – MEATEGIEN IBILBIDEA (Alonsotegi)
  • EKAINAK 21- ARTIKUTZAKO BASOA (Artikutza)

Txangoetan parte hartzea dohainik bada ere, nahitaezkoa da aurretik izena ematea. Txangoetan izena emateko bete fitxa hau.

07
mar.

ESAERA ZAHARREN TXAPELKETAREN 28. EDIZIOA, SOPELAN

Apirilaren 1ean ospatuko da, Sopelan, Esaera Zaharren Txapelketaren 28. edizioa, Asko dezake eskuak, baino gehiago buruak lelopean. Taldeka hartzen da parte (2, 3 edo 4 lagun), eta aski da 100 esaera zaharren zerrenda ikastea; izena emateko (martxoaren 27a da azken eguna), posta-helbide honetara idatzi behar da: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko..

Ohi bezala, Sopelako udaletxeko plazan 11:00etan elkartuko dira guztiak (antolatzaile, parte-hartzaile, bertsolari eta musikariak), txapelketa 11:30ean hasteko. Goiza tabernaz taberna emango dute, bertsoak entzun eta horiekin bat datozen esaerak identifikatzen, horren arabera irabazten baitira puntuak lehian aurrera egiteko. Ondoren, bazkaria izango dute Artadi garagardotegian, eta goizeko talderik onenek bertan jarraituko dute jokatzen, finalaurrekoetan eta finalean, Erika Lagomaren eta Xabat Galletebeitiaren bertsoak lagun. Parte-hartzaile guztiek oroigarria jasoko dute, eta hainbat sari ere banatuko dira.

10
urt.

URTARRILEAN ERE, MINTZATALDEAK ZAIN DITUZU!

2023an euskaraz praktikatu nahi baduzu, zabalik duzu Mintzapraktika programetan parte hartzeko aukera: dohainik da, etxetik hurbil eta zure mailako taldeekin. Gainera, sari eta deskontuak izango dituzu.

>EMAN IZENA

 

01
aza.

MINTZATALDEAK, ONLINE ERE BAI

AEKren Praktikatu zerbitzuak berriz ere abian jarri ditu online mintzataldeak. Online eskaintza hori oso aukera erraza eta erosoa da, baldin eta. ordutegia edo distantzia tarteko, norbaitek euskara praktikatzeko aurrez aurreko aukerarik ez badu. Horrela, ordenagailu, tableta edo sakelakotik, parte-hartzaileek aukera izango dute beste euskaldun batzuk ezagutu eta haiekin hitz egiteko.

Izen-ematea azaroaren 1etik 30era egongo da zabalik. Izena emateko, ONLINE modalitatea sakatu beheko lotura, eta aukeratu gustuko egun(ak) eta ordutegia(k).

Animatu, eta eman izena!

 

22
ira.

UDA OSTEKO TXANGOAK

Martxan dugu berriro KIROLA eta NATURA programa. Uda osteko hiru txango antolatu ditugu ekimena berpiztu eta jarraipena emateko. KIROLA eta NATURA bitartez, AEKren Praktikatu zerbitzuak gonbidatzen zaitu Euskal Herriko txokorik ederrenak euskaraz ezagutzera.

UDA OSTEKO TXANGOAK

  • Urriaren 23an IZARRAITZEKO MENDIGUNEA Kakueta-Xoxote-Erlo
  • Azaroaren 13an URKIOLAN ORIENTAZIOA
  • Azaroaren 27an LAUDIOTIK BILBORA MENDITIK

Txangoetan parte hartzea dohanik bada ere, nahitaezkoa da aurretik izena ematea. Txangoetan izena emateko bete fitxa hau.

16
ira.

PRAKTIKATUN, DENA PREST MINTZAPRAKTIKARI EKITEKO

AEKren Praktikatu zerbitzuak abian du 2022-2023 ikasturterako kanpaina, Praktikatu euskara gurekin leloa lagun. Hala, urriaren aurreneko egunetan hasiko dira martxan, Euskal Herriko leku askotan, berbalagun, mintzakide eta mintzalagun taldeak, lagun giroan elkartu eta euskaraz aurrez aurre jarduteko. Online saioak, berriz, azaroan hasiko dira. Dagoeneko dohain eman daiteke izena talde mota guztietarako >izena eman

 

Praktikatu hazten ari den egitasmoa da: gaur egun, Euskal Herriko herri askotan antolatzen ditu mintzapraktika saioak, eta 300 ekintzatik gora burutzen dira urtean, tartean, mintzodromoak. Ikasturte honetan eskaintza hori handitu egingo da, lehendik egiten direnez gain, hiru proiektu berri jarriko direlako martxan: Zangozan (Nafarroa), Igorren (Bizkaia) eta Pasaian (Gipuzkoa). Hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak, berriz, jarraipena izango du Durangaldean (Bizkaia), Arriben (Nafarroa) eta Urola Kostan (Gipuzkoa); eta elkarri hika hitz egiteko talde berrien sorrera ere sustatuko da, besteak beste, Usurbilen eta Lea-Artibain. Familientzako Gurasolagun taldeetan ere segituko dute jolasak, txangoak eta tailerrak egiten, helduek eta haurrek euskaraz batera aritzeko aukera izan dezaten.

 

Aurtengo udazkenean, gainera, Euskaraldiaren hirugarren edizioaren atarian gauden honetan, Praktikaturen proiektuek esanahi berezia hartuko dute, mintzataldeak euskaraz bizitzeko aukera ematen duten arigune naturalak baitira, hau da, uneoro euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen duten guneak. Izan ere, ohiko taldeez gain, eta euskararen transmisioa sendotzeari begira, Praktikatu egitasmoak euskarazko harrema sare berriak sustatzen ditu ekintza osagarrien bidez, hala nola, asteburuko egonaldiak, barnetegi ibiltariak edota zaletasunen (natura, kirola eta kultura) araberako interes taldeak antolatuta. Ondorioz, bereziki azpimarratzekoa da horietan guztietan parte hartzen duten mintzalagunen, mintzakideen, berbalagunen eta bidelagunen ahalegina eta euskararen transmisioari egiten dioten ekarpena.

 

01
uzt.

PARTE-HARTZAILEEN BALORAZIOA

Ikasturte-amaierarekin batera, AEKren PRAKTIKATU zerbitzuak inkesta anonimoa egin du mintzapraktika-egitasmoen parte-hartzaileen artean: berbalagun, mintzalagun, mintzakide... Emaitzen artean, honako puntu hauek nabarmendu nahi ditugu:

  • Euskararen erabilera: inkestan parte hartu duten bidelarien % 94,5ek adierazi du aldaketa bizi izan duela euskararen erabileran: % 44,9k dio askoz gehiagotan egiten duela euskaraz egitasmoan dabilenetik; beste % 49,6k esan du gehiagotan egiten duela. Soilik, %5,5ek berdin jarraitzen duela aitortu du.

  • Balorazio orokorra: parte-hartzaile gehienek (% 84,7k) OSO ONDO edo BIKAIN baloratzen dute egitasmoa. Halaber, oso ontzat jotzen dute egindako lana; eta, oro har, esker oneko hitzak besterik ez dugu jaso.


Parte-hartzaileen testigantzak ere jaso izan dira, horietako batzuk hemen daude.

28
mar.

UDAN ERE EUSKARAZ

 
Udan ere mintzataldeak osatuko ditugu, uztailean eta abuztuan; eta aukera dago hilabete batean edo bietan parte hartzeko.
Dohainik da, eta gainera eguzkitako betaurreko ederrak zozketatuko ditugu.
Horietakoren batean parte hartu nahi baduzu, zure herriko euskaltegian izena eman edo bete fitxa hau.

Eman izena ekainaren 24a baino lehen.
03
mar.

EUSKARAZ PRAKTIKATU NAHI?

Hainbat aukera ditugu zuretzat:

MINTZATALDEAK 
Kafea hartu, bueltatxoa eman... astean behin elkartzen gara, euskaraz praktikatu eta bizitzeko.

MENDILAGUN
Euskaraz praktikatu, kirola egin, naturaz gozatu... lagunekin euskaraz bizitzeko aukera paregabea.
 
FAMILIAEKINTZAK
Eskulanak, jolasak, txangoak... hainbat aukera familiontzat, euskaraz bizi eta gozatzeko.
 
IRAKURZALEKLUBA
Euskaraz irakurri, idazleak ezagutu eta geure kulturaz aberasteko lagun-taldea.
 
AISIAEUSKARAZ
Sukaldaritza, yoga, bisita gidatuak, museoak, hitzaldiak, dantza-tailerrak... lagun berriak egin eta euskaraz bizitzeko guneak sortzen ditugu.
 
MINTZODROMOAK
Herrian, lagun artean, eguneko gaiak, ideiak eta iritziak euskaraz partekatzeko gunea. 
 

PRAKTIKATU EUSKARAZ GUREKIN!

EMAN IZENA

1 orria 2 orritik